XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Etxeko sentitzen zen Coromines euskararen alorrean.

Euskararen izkutu eta zoko-mokoetan ez zen inola ere arrotz.

Lehengo eta oraingo euskalariak oro irakurri zituen: Oihenart, Larramendi, Azkue, Schuchardt, Saroampiuml;handy, Gavel, Lafon, Mitxelena, Lafitte eta abar, eta guztien aburuak zorrozki galbahetu.

Euskal leku-izenak hurbildik ezagutu nahian, Nafarroara etorri zen Erronkarira, 1971ko abuztuan, Mitxelenarekin batera bospasei egunetan elkarrekin ibiltzeko asmoz, Salamancako bi euskal ikasle lagun zituztela, Iñaki Usabiaga eta Isabel Mujika; hurbil zebilen, gainera, herriko medikuaren semea, Pello Etxenike gaztexkoa.

Zorigaiztoz, ordea, asmoa asmo gelditu zen, biharamunean Mitxelenak, mendian eroririk, orkatila hautsi baitzuen.

Zernahi gisaz, bien arteko adiskidetasunak indartsu iraun zuen.

Bazituzten biek puntu komun anitz, zientziaz kanpo ere: oroz gain, gerran izanak ziren, biak Espainiako Errepublikaren alde, eta beti agertu ziren askatasunaren defendatzaile eta beren hizkuntzen eskubideei oso atxikiak.

Euskaltzaindiak ohorezko kide izendatu zuen Coromines 1995ean.

Katalan jakintsuari igorri gutunean hauxe zioen Jean Haritschelhar euskaltzainburu jaunak: Izendapen honetaz Euskaltzaindiak erromanista eta euskalari hauta zaren hori nahi izan zaitu bereizi eta sariztatu, gure arteko hizkuntzak ezagutzeko lan neurrigabe eta baitezpadakoaren egile zarelako

Ez dut sekula ahantziko zer esan zidan Corominesek telefonoz gutun hori hartu zuenean: izendapen hura Sorbonneko honoris causa doktoregoaren pare zen harentzat.

Horra zein maite zituen Joan Corominesek euskara eta Euskal Herria.

Izendapena Xavier Terrado haren ikasleak, Lleidako Unibertsitateko irakasleak, jaso zuen, eta maisuaren mezua irakurri. Hona testua: Ohore handi honegatik eskerrik asko bihotzez. Moltes gràcies cordialment, savis col.legues. Grand merci, savants amis. Sumamente agradecido a tantos maestros. Gora Europa bat, Auñemendiko alaba!.

Ez zen Coromines jauna gorazarre-gose, inondik ere.

Gainera, batzuetan arrazoi sakonak zituen. Adibidez, 1973an Antonio Tovarrek proposatu zionean Gaztelaniaren Erret Akademian sartzea ezetz erantzun zion: Katalunia herrialde okupatua izan bitartean hura ezin zitekeen Espainiako erakunde bateko kide bihur.

Langile nekagaitza zen Coromines jauna. Ez dut eri izateko denborarik, esaten zuen maiz, eta haren originalak behin eta berriz zuzentzen zituen.